Hilerokoa. Odola. Menstruazioa. Nazka. Sekretua. Ezkutua. Zergatik? Prozesu biologiko naturala neska eta emakume guztiek hilero jasaten dutena beren bizitzaren erdian zehar. Biziki garrantzitsua den fenomenoa, horren menpe baitaude gure espeziearen biziraupena eta ugalketa. Baina tabutzat jotzen dugu. Ezeroso eta lotsatuta sentitzen gara horretaz jarduterakoan. Lehenengo hilekoa izan nuenean, besteengandik ezkutatzeko esan zidaten -- baita nire aita eta nebarengandik ere. Geroago, atal hori testuliburuetan agertu zenean, biologia irakasleak hurrengo gaira egin zuen salto. (Barreak) Badakizue zer ikasi nuen? Horretaz mintzatzea lotsagarria dela. Nire gorputzaz lotsatzea ikasi nuen. Hilerokoa alde batera uzten ikasi nuen neska zintzoa izan nedin. Indian egindako hainbat ikerketak erakusten dute hamar neskatik hiruk ez daukatela hilekoaren berri hilekoa lehenengo aldiz dutenean. Eta Rajastaneko toki batzuetan zifrak altuagoak dira: hamar neskatik bederatzi. Harrituko zinatekete jakinda ezagutu ditudan neska gehienek hilekoari buruz ezer ere ez zekitela lehenengo aldiz hilekoa izan zutenean. Odol minbizia zeukatela uste zuten eta handik gutxira hilko zirela. Higienea arrisku-faktore garrantzitsua da ugal-aparatu infekzioei dagokienez. Baina, Indian, neska eta emakumeen %12k soilik dauzka menstruazio egunetan behar dituen higiene baliabideak. Kalkuluak egiten badituzue, %88k bide ez-higienikoak erabiltzen ditu hilerokoa daukanean. Ni haietako bat nintzen. Garhwa izeneko hiri txiki batean hazi nintzen, Jharkhand-en, non konpresa bat erostea ere lotsagarritzat jotzen den. Hortaz, hilerokoa izaten hasi nintzenean, trapuak erabiltzen hasi nintzen. Garbitu eta berrerabili egiten nituen erabili ostean. Baina gordetzeko, toki ilun eta heze batean ezkutatzen nituen inork ere ez jakiteko hilerokoa neukala. Askotan garbitzearen ondorioz, trapuak laztu egiten ziren, eta negalak eta infekzioak izaten nituen erabiltzerakoan. Bost urtez erabili nituen hiri hartatik joan nintzen arte. Hilekoak nire bizitzan sortu zuen beste arazo bat murriztapen sozialak izan ziren, hilerokoa daukaten neska eta emakumeei inposatzen zaizkienak. Uste dut guztiok ezagutzen dituzuela. Hala ere, zerrendatu egingo ditut ezagutzen ez dituzuenontzat. Ezin nituen ozpinetako pepinoak ukitu edo jan. Sofan edo familiakoen oheetan esertzea debekatuta neukan. Hileko bakoitzaren ostean izarak garbitu behar nituen, nahiz eta garbi egon. Pertsona zikintzat jotzen ninduten eta ez zidaten uzten objektu erlijiosoak gurtzen edo ukitzen. Tenpluen kanpoaldean kartelak daude hilekoa daukatenei sartzen uzten ez dietenak. Modu ironikoan, gehienetan emakume edadetuena da murriztapen horiek inposatzen dizkiena familiako neska gazteenei. Azken finean, murriztapen horiek onartzen hazi dira haiek. Eta ez denez inolako esku-hartzerik egon, mitoak eta ideia okerrak dira belaunaldiz belaunaldi zabaldu direnak. Arlo horretan lanean ibili naizen urteetan, istorioak ezagutu ditut non neskek besteengandik banatuta jan eta beren platerak bereizita garbitu behar zituzten. Ez diete bainatzen uzten hilekoa dutenean, eta, etxe batzuetan, familiako kideengandik isolatzen dituzte. Indiako neska eta emakumeen %85 inguruk ohitura murriztatzaile bat edo gehiago jasaten zuen hilero. Imagina dezakezue zer eragin daukan neska gazte baten autoestimuan eta konfiantzan? Horrek sortzen duen trauma psikologikoa, bere izaerari eragiten diona, jarduera akademikoari, eta haztearen alderdi guztiei lehenengo heziketa-urteetan? Erlijioari jarraituz bete nituen ohitura murriztatzaileak 13 urtez, nire bikote Tuhinekin izandako eztabaida batek hilekoarekiko nuen jarrera betirako aldatu zuen arte. 2009an, Tuhin eta biok graduondoko diseinu ikasketetan ari ginen. Maitemindu ginen eta gustora hitz egiten nuen hilekoari buruz berarekin. Tuhinek ezer gutxi zekien. (Barreak) Harritu egin zen jakitean neskek karranpa mingarriak jasaten ditugula eta hilero odola izaten dugula. (Barreak) Bai. Aho zabalik geratu zen jakitean zer nolako arauak inposatzen dizkieten hilekoa duten neska eta emakumeei beren familiek eta gizarteek. Karranpen mina baretzen laguntzeko, Interneten bilatu eta hilekoaren inguruko gauza gehiago ikasten zituen. Aurkitutakoa kontatzen zidanean, neuk ere ezer gutxi nekiela konturatzen nintzen. Eta nituen uste asko mitoak besterik ez zirela. Orduan nire buruari galdetu nion: guk, hezkuntza ona jasota horren informazio kaskarra badugu, informazio okerra daukaten milioika neska egongo dira. Aztertzeko -- arazoa hobe ulertzeko, urtebeteko ikerketari ekin nion hilekoarekiko kontzientzia eza eta arazoaren jatorria aztertzeko. Hilekoaren informazio eza eta uste okerrak landa eremuko fenomenoa direla uste ohi den arren, hirietako fenomenoa ere badela ikusi nuen ikertzerakoan. Eta baita ondo hezitako hiriko jendearena ere. Hainbat guraso eta irakaslerekin hitz egiterakoan, konturatu nintzen haietako askok hilekoen berri eman nahi zietela neskei hilekoaren zikloa hasi aurretik. Eta -- baina haiek ere ez zeukaten baliabide egokirik. Eta tabu bat denez gero, inhibituta eta lotsatuta sentitzen dira horri buruz mintzatzerakoan. Neskek hamaika urte ingururekin izaten dute hilekoa lehen aldiz, baina gure hezkuntza curriculumean hamahiru edo hamalau urte dituztenean ikasten dute hilerokoen inguruan. Eta tabu bat denez gero, irakasleek gaia atzean utzi eta hurrengoari ekiten diote. Hortaz, eskolan ez dute hilekoaren inguruan ikasten, gurasoek ez dute horri buruz hitz egiten. Nora jotzen dute neskek? Duela bi hamarkada eta gaur egun -- ez da deus aldatu. Aurkitutakoa Tuhini erakutsi nion eta zera pentsatu genuen: zerbait sortuko bagenu neskek beren kabuz menstruazioa zer den ulertzeko -- eta guraso eta irakasleei lagunduko dien zerbait gazteekin hilekoaz eroso jardun dezaten? Ikerketan istorio asko bildu nituen. Neskek hilekoa zutenean izandako esperientzien istorioak ziren. Istorio horiek kuriositatea eta interesa piztuko zituzten neskengan menstruazioari buruz hitz egin zezaten beren ingurukoekin. Hori zen nahi genuena. Neskengan kuriositatea piztuko zuen zeozer nahi genuen eta horren inguruan ikastera bideratuko ziutena. Hilerokoen inguruan irakasteko erabili nahi genituen. Beraz, komiki bat sortzea erabaki genuen, non pertsonaiek istorio horiek antzezten dituzten eta, hala, neskek hilekoari buruz era entretenigarrian ikasten dute. Neskak pubertaroaren faseetan irudikatzeko, hiru pertsonaia ditugu: Pinki, oraindik hilekorik izan ez duena; Jiya, narrazioan hilekoarekin hasten dena; eta Mira, jada hilekoa izan duena. Laugarren pertsonaia bat dago, Priya Didi. Berari esker, haztearen hainbat aspektu eta hileko higienea ikasten dute neskek. Liburua egiterakoan, kontuan izan genuen irudiak ezin zirela iraingarriak edota kulturarentzat kaltegarriak izan. Prototipoa ateratzerakoan, neskek liburua izugarri gogoko zutela ikusi genuen. Irakurtzeko gogoa zuten eta haien kabuz geroz eta gehiago jakin nahi zuten hilekoaz. Guraso eta irakasleek eroso hitz egiten zieten gaiaz neska gazteei liburua baliatuz, eta batzuetan mutilek ere irakurtzeko interesa erakutsi zuten. (Barreak) (Txaloak) Komikiak ingurune bat sortzen lagundu zuen non menstruazioa jada ez zen tabua. Boluntarioetako askok prototipoa hartu zuten neskei erakusteko eta hilekoarekiko kontzientzia tailerrak egin zituzten Indiako bost eskualdetan. Boluntarioetako batek monje gazteei erakusteko hartu zuen eta Ladakheko monasterio honetara eraman zuen. Liburuaren azken bertsioa egin genuen, "Menstrupedia Comic" izenekoa eta aurreko urteko irailean plazaratu genuen. Eta oraingoz, 4.000 neska baino gehiagok liburu honekin ikasi du Indian eta -- (Txaloak) Eskerrik asko. (Txaloak) Eta baita 10 herrialde gehiagotan ere. Etengabe ari gara liburua beste hizkuntzetara itzultzen eta tokiko erakundeekin elkarlanean liburua hainbat herrialdetan eskuragarri izateko. Indiako 15 eskolak hezkuntza curriculumean sartu dute liburua neskei hilekoaren inguruan irakasteko. (Txaloak) Txundituta nago ikusita nola boluntarioak, banakoak, gurasoak, irakasleak, eskola zuzendariak, batu diren eta nola zabaldu duten hilekoarekiko kontzientzia beren komunitateetan, ziurtatu dute neskek adin egokian izatea hilekoaren berri eta tabua hausten lagundu dute. Amets egiten dudan etorkizunean hilekoa ez da madarikazio bat, ezta gaixotasun bat ere, neska baten bizitzako aldaketa pozgarria baizik. Eta -- (Txaloak) Gustatuko litzaidake hemen dauden guraso guztiei mesede txiki bat eskatuz bukatzea. Guraso maiteok, hilerokoaz lotsatzen bazarete, zuen alabak ere lotsatuko dira. Izan zaitezte "hilerokoaren aldekoak", mesedez. (Barreak) Eskerrik asko. (Txaloak)